XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Errealitateak, ordea, bere neurria ezartzen du beti eta hemen ere ezarri du berea: Iantzi eta Kalparsororen heriotzak zirela eta, bat egin nahi izan zuen Anje Duhaldek samin hartan, kantaldi bateko bi abesti opatuz.

Akabo, kitto.

Nahiko arrazoi izan zen oroitzapen hura, kantariari lana kentzeko.

Beste behin ere gehiegikeriaren hatzaparretan gabiltza.

Nahastu egin ditu Uribeetxebarriak zerbitzu publikoak eta norberaren gela.

Ez da gauza bera kultur azpiegitura publiko bat eta E.A.J.ren edozein batzoki.

Seguruenik gainera, txaloak joko zizkioten auzoan, Duhalde delako frantses hori ere, terroristen ezpal berekoa dela susmatuz.

Zenbat terrorista gaude hemen, ordea?

Denok al gara ETAkoak?

Euskal idazleak, euskal artista plastikoak, euskal zinegileak, euskal kazetariak... denak terroristak?

Ez da txantxa, alajaina!

Zer nahi dute, baina?

Nor dute beraiekin?

Ez al dira ohartuko sekula, aukera ezin hobea alferrik galtzen ari direla?

Nola liteke kultur eragile gehienak, guztiak ez badira, kontra edukita herririk egitea?

Noiz arte erokeria honetan?

Indarkeriaren kontra nago esan behar al da norberaren lanaren balioa erreklamatzeko?

Hala bada, bedi: indarkeriaren kontra nago.

Uribeetxebarriaren indarkeriaren, partzialkeriaren eta gehiegikeriaren kontra nago, gainerantzeko indarkerien aurka nagoen neurri berberean.

Ala indarkeriak ere label-a behar du arbuiatua izan dadin?

Badirudi PNVkoen lorategian bizi behar dugula denok isilik, diskrepantziarik gabe, ametsik gabe, iritzirik gabe eta batzokietako txorizo egosiaren koipeak gure kaikuetan laga duen arrastoa, Txinbo jaboiaz garbitzen.

Nahastu egin zara Tomas, eta zuk nahi ala nahi ez, Adierazpen-Askatasunari txiza egin diozu, burutik behera.

Beste batzuk ere izango dituzu, ez dut dudarik, baina hau ere sartu zeure merituen artean.